Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Hiriaren Urrezko Domina biktimentzat


Donostiako Urrezko Domina hiriak ematen duen sari garrantzitsuena da. 1926an Udalaklehenengo domina eman zuenetik, sari hau hainbat erakundek eta pertsona ezagunak jaso dute. Hiriaren Urrezko Domina terrorismoaren eta indakeriaren biktimei ere eman zaie.

Begoña Urrozen familia


Begoña Urrozen senide bat domina jasotzen ari da
Juan Karlos Izagirre alkateak Begoña Urrozen familiari Urrezko Domina eman zion Donostiako Udaletxean, ekitaldi pribatu batean. Begoña Urroz haurra bonba baten leherketaren ondorioz hilik suertatu zen 1960ean, Donostian. Domina ematea 2012ko osoko bilkuraren akordio bat betez egin zen.

Juan Karlos Izagirre alkatearen iritziz, ekitaldi hau “biktima guztiak aintzat hartzeko eta ordaina emateko beste aurrerapauso bat da”. Ekitaldian, udaleko talde politiko guztien ordezkariek parte hartu zuten

Jesus Garcia Ripalda jaunaren familia


Jesus Garciaren senide bat domina jasotzen ari da
Donostiako alkate Odon Elorza jaunak eta Udalbatzak hiriaren urrezko domina eman zioten Jesus Garcia Ripalda jaunaren familiari, 2011ko apirilaren 16an Donostiako Udaletxean egin zen ekitaldian.

Jesus Garcia Ripaldaren amak eta familiak hiriaren goreneko saria jaso zuten, 1975eko abuztuaren 31n, Txikiren eta Otaegiren epaiketengatik protestatzeko deitutako manifestazioan, poliziaren tiroek eragindako zaurien ondorioz zendu zenaren oroimenez.

Hala, Donostiako Udalak erreparazio moralaren betebeharra bete zuen, 2007ko abenduaren 26ko Legeari jarraiki: “Espainiako demokraziak ohoratzen ditu Gerra Zibilean eta Diktaduran bidegabeko jazarpena edo indarkeria jasan zuten guztiak”. Garcia Ripaldaren familiak saria jaso zuen, Justizia Ministerioak berretsi egin duelako hildakoak, EMK-ko kidea zenak, jazarpena eta indarkeria pairatu zituela arrazoi politiko eta ideologikoengatik.

Terrorismoaren biktima izandako Estatuko Segurtasun Kidego eta Indarren Valentziako Elkartea


Segurtasun kide bat domina jasotzen ari da


2007ko irailaren 26an “Terrorismoaren Biktima izandako Estatuko Segurtasun Kidego eta Indarren Valentziako Elkarteko” (ACFSEVT) 24 kideri Hiriaren Urrezko Domina eman zien. Izan ere, pertsona horiek atentatu mota bat edo beste jasan zuten Donostian, 1978 eta 1998 bitartean. Atentatu horietan, batzuk hil ziren eta beste batzuek zauriak hartu, larriagoak zein arinagoak.

Omenduak ezin izan ziren ekitaldira etorri eta, hori dela-eta, Urrezko Dominaren kopia eman zioten, sinbolikoki, ACFSEVTko lehendakariari, Paco Zaragozari. Hark banatu zizkien dominak gainontzeko biktimei.

Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak


Hiriaren Urrezko Dominaren banaketa
Udalbatzak terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei Hiriaren Urrezko Domina eman zien 2003ko urtarrilaren 30ean egindako ekitaldian, Mohatma Gandhi indiar lider bakezalearen hilketaren urtemuga zela. Omenaldi horren bidez, hiriak luzaro bakardadea eta ahaztura jasan dutenei bere maitasuna eta aitortza adierazi zizkien.

Biktimen ehun senitarteko baino gehiagok Kursaal Kongresu Jauregian Donostiaren beroa eta elkartasuna jaso zuten, terrorismoak gehien zigortutako hirietako batean. Fernando eta Ignacio Garridok, ETAk 1986ko urriaren 25ean hildako gobernadore militar Rafael Garridoren semeek, jatorrizko Urrezko Domina jaso zuten, biktimen senitarteko guztien ordezkaritzan. Jarraian, urrezko dominen erreplikak eman zizkien biktimen senitartekoei.

Gregorio Ordóñezen familia


Gregorio Ordoñezen senidea domina jasotzen ari da
Gregorio Ordóñez alkateordea ETA-k erail zuen Donostian 1995ean. Hil zen urte berean, hilondoko titulua jaso zuen, hain zuzen ere, “Hiriko Urrezko Domina” Miramar Jauregian ospaturiko ekitaldian.

Domina Gregorio Ordóñezi ematea erabaki zen Udalbatza berean, gainera, bere izena izango zuen kale bat eskaintzea erabaki zen.